Gaurkotasun Euskal fondoa
Euskal Fondoak Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordean izandako parte-hartzearen emaitzak nabarmendu ditu
Euskal Fondoak balorazio positiboa egin du euskal-saharar ordezkaritzak maiatzean egindako Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordearen 83. Ohiko Bilkuran izan duen parte-hartzeari buruz. Espazio horri esker, Mendebaldeko Saharan giza eskubideen egoera erakunde afrikar honen aurrean azaldu eta nazioarteko ikusgarritasuna indartu ahal izan da.
Batzorde honetan parte hartzea erakunde sahararrek eta elkartasunaren aldeko erakundeek urte luzez sustatu duten nazioarteko eragin-lanaren barruan kokatzen da. Lurralde okupatuetan oraindik ere gertatzen diren giza eskubideen urraketak salatzea da lan honen helburua eta nazioarteko komunitateari herri sahararraren eskubideen jarraipenean eta defentsan inplikazio handiagoa eskatzea.
Euskal Fondoaren izenean, Itsaso Anduezak, Sahara Koordinatzeko Unitateko (SKU) arduradunak, hitza hartu zuen Afrikako Batzordean, euskal toki-erakundeek giza eskubideen defentsarekin, nazioarteko elkartasunarekin eta herri sahararrak bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko duen eskubidearekin duten konpromisoa helarazteko. Bere hitzaldian, giza eskubideen jarraipen independenteak duen garrantzia azpimarratu zuen, baita ikerketa, dokumentazioa eta nazioarteko eragin politikoa sustatzearen beharra ere, zigorgabetasunari aurre egiteko eta biktimen eskubideak babesteko funtsezko tresna gisa. Era berean, euskal erakundeek hamarkadetan zehar errefuxiatu sahararrekin eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko erakundeekin garatu duten lankidetza- eta laguntza-esperientzia partekatu zuen.
Jarraian ikus daiteke Euskal Fondoak Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordean egindako esku-hartzea osorik: ikusi esku-hartzea.
Euskal Fondoak nabarmendu du garrantzitsua dela Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordea bezalako nazioarteko foroetan parte hartzea; izan ere, foro horiek aukera ematen dute giza eskubideen alde lan egiten duten erakunde eta instituzioen arteko elkartasun- eta lankidetza-sareak indartzeko.
Euskal-saharar ordezkaritzaren presentziak, gainera, oinarrizko eskubideen defentsan eta Mendebaldeko Saharako gatazkarako irtenbide bidezko eta iraunkor baten alde lanean ari diren erakunde sahararrekin lankidetza-loturak sendotzen jarraitzeko balio izan du, nazioarteko zuzenbidearen errespetuan oinarrituta.
Euskal Fondoak nazioarteko eragin-lana eta erakunde sahararrekin elkarlana sustatzen jarraituko du, Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuan laguntzeko.
LOTUTAKO BESTE ALBISTE BAT:


Partekatu