Gaurkotasun sahara
Txostena: Giza eskubideen egoera Mendebaldeko Saharako Lurralde Okupatuetan
23 Mai 2008
Aurkezten ari garen azterlanaren helburua da osotasunean aztertzea zer-nolako egoera bizi duten giza eskubideek Mendebaldeko Saharako Lurralde Okupatuetan; izan ere, txostena irakurrita egiaztatzen denez, egoera oso urrun dago nazioarteko babes-araudiek ezarritako estandarretatik.
Nazio Batuetako Goi Komisarioak mendebaldeko Sahararen giza eskubideen aldeko misioaren baitan emandako txostenak adierazten duenez, erabakimen askeko eskubidea ez inplementatzeak dakarzkio mendebaldeko Saharako herriari giza eskubideen urrapen ia gehienak.
Horrenbestez, azterlan honen ardatza da Saharako herritarren giza eskubideen urrapenak aztertzea, bizikidetza-komunitatea den aldetik, eta aintzat hartu gabe askatasunez erabakitzeko eskubidea duen herria den ala ez. Mendebaldeko Sahararen egoera azpimarratuz, han bildu izan baitira eta biltzen baitira zenbait herrialdek natura-baliabideak espoliatzeko izan dituzten interes estrategikoak, txosten honen bidez salatu egin nahi da Espainiako, Frantziako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako gobernuek giza eskubideen babeserako nazioarteko arauekiko duten jarrera anbiguoa eta, zenbaitetan, nabarmen kontrakoa.
Testuinguru horretan kokatzen da, hain justu, NBEk Giza Eskubideen Nazio Batuetako Kontseilua sortu eta hura lanean hasi izana. Erakunde horretako kide diren estatuek, Kontseilua sortzean, berretsi egin zituzten “Nazio Batuen Gutuneko xede eta printzipioak, bereziki, nazioen artean adiskidetasun-harremanak sustatzekoa, bai eskubideen berdintasuneko printzipioa eta herrien erabakimen askeko printzipioa errespetatzeko, bai nazioarteko arazo ekonomiko, sozial, kultural edo humanitarioak konpontzeko nazioarteko lankidetza erabiltzeko, bai guztion giza eskubideak eta oinarrizko askatasunen errespetua lantzeko eta bultzatzeko".
Gure ustez, mendebaldeko Saharan, munduko beste leku askotan gertatzen den moduan, ezingo da akordio politikorik erdietsi aldeen artean, baldin eta ez bada, aurrez, giza eskubideen egoera larria konpontzen eta biktimei egindako kalte guztia behar bezala konponduko dela bermatzen.
Arantza Chacon – Josu Oskoz


Partekatu