Gaurkotasun sahara

Sahararako plana ondu dute AEBek, giza eskubideen zaintza aipatu gabe

23 Api 2014
Marokoren eta Frantziaren presioei «amore ematea» leporatu dio Fronte Polisarioak NBEri

Ion Orzaiz

Konponbidea sustatu, baina giza eskubideei bizkarra emanda. NBE Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Saharan duen misioa —Minurso— berritzeko plana ondu dute AEBek, «Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko gatazka konpontze aldera». Washingtonek NBEko Segurtasun Kontseiluari helarazitako zirriborroaren arabera, ordea, nazioarteko misioak ez du ikertuko giza eskubideak errespetatzen diren ala ez. Hainbat berri agentziak zabaldu dutenez, Etxe Zuriaren planean ez da giza eskubideak behatzeko mekanismorik aurreikusi. Horren ordez, eskaera zehaztugabea egiten zaie alde guztiei: «Azken urtebetean egindako hobekuntzak aintzat hartu eta bide horretan aurrera egin dezatela» adierazi du Kontseiluko ordezkari batek.

Duela astebete, proposamen propioa aurkeztu zuen NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ere. Idazki hartan, Banek ez zuen Minurso misioaren eskumenak zabaltzeko eskaera zuzenik egiten, baina Saharan eta Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan (Aljeria) «giza eskubideak zainduko dituen egitasmo iraunkorra, independentea eta inpartziala» sortzeko gomendioa egiten zien alde guztiei.

Horrez gainera, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea urratzera animatzen zituen Banek Mendebaldeko Saharako nahiz Marokoko ordezkariak, «gatazkaren bi auzi nagusiei erantzuna emateko: konponbide politikoa eta autodeterminazio eskubidea». Washingtonek atzo aurkeztutako zirriborroan ez da halakorik aipatzen.

Rabaten presioak

Izan ere, giza eskubideen auziak hautsak harrotu ditu Marokon. Iaz, AEBen enbaxadore Susan Ricek Minursoren berritzea planteatu zuen, NBEren soldaduek giza eskubideen betetzea gainbegira zezaten Mendebaldeko Saharan. Marokoko Gobernua, baina, sutan jarri zen planaren berri izan zuenean. Bere subiranotasunaren aurkako erasotzat jo zuen proposamena, eta presio kanpaina bati ekin zion, Espainia, Frantzia, Errusia eta Erresuma Batuko gobernuek proiektuaren kontra bozka zezaten. Neurriak fruitua eman zuen, eta, handik gutxira, AEBek atzera egin zuten. Ordutik, Etxe Zuriak tentu handiz maneiatu du terminologia, Rabat ez haserrarazteko. Aurtengo apirilaren 4an, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Washingtonek eta Rabatek.

Hain zuzen, Marokoko nahiz Frantziako gobernuen presioei amore ematea leporatu die Fronte Polisarioak AEBei eta NBEri: «Etsigarria da AEBen planak giza eskubideen zaintzari bizkarra ematea. Beste behin ere, Marokok eta Frantziak zokoratu egin dute Segurtasun Kontseilua, eta horrek kalte eginen dio erakundearen legitimitateari», adierazi du Ahmed Boukhari Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak. Polisarioak behin baino gehiagotan adierazi du Marokok giza eskubideak urratzen dituela etengabe Mendebaldeko Saharan eta Minursoren begiraleek urraketa horiek ikertu beharko lituzketela. Marokoko giza eskubideen aldeko zenbait erakundek ere «Sahararekiko estrategia moldatzeko» eskatu diote Rabati.

1975ean piztu zen Mendebaldeko Saharako gatazka, Marokok herrialdea okupatu zuenean. Hurrengo urtean, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak. Erreferendum eskaerak etengabeak izan dira ordutik, baina Marokoko probintzia bihurtzea da Rabatek sahararrei eskaintzen dien aukera bakarra.

Iturria: Berria (http://paperekoa.berria.info/harian/2014-04-23/019/00/sahararako_plana_ondu_dute_aebek_giza_eskubideen_zaintza_aipatu_gabe.htm)

Share  Partekatu