Gaurkotasun sahara
Erresistentziarako eskubidea
Datorren uztailaren 12an, Aminetu Haidar aktibista sahararrak El Derecho a Resistir. Defensoras y defensores de derechos humanos en el Sáhara Occidental ocupado jardunaldian parte hartuko du, Donostiako San Telmo Museoan.
1975eko urrian Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, saharar herriak urratuak izan ditu bere eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak, determinazio askerako eskubidea barne. Saharar herriak bere lurraldearen okupazioaren hamarkada hauetan guztietan erakutsi du bere duintasuna, bere askatasun eta subiranotasunerako eskubidea etengabe aldarrikatuz, okupatzaileak bere eskubideak etengabe urratzen zituen bitartean indarkeriarik gabeko herria dela ere erakutsita modu baketsuan eutsita.
Okupatutako Mendebaldeko Saharan, gatazkan dauden beste lurralde batzuetan ez bezala, ez da baldintzarik eman erakunde humanitarioen edo giza eskubideen defentsarako taldeen presentziarako. Marokoko erregimenak sahararren mobilizazioa kontrolatu izanak eta Mendebaldeko Saharara joan diren nazioarteko begiraleak edo kazetariak sartzea debekatu izanak agerian uzten dute Marokoko erregimenaren estrategia, nazioarteko komunitateak lurraldean giza eskubideen urraketaren errealitatea ezagutu ez dezan.
Kontrolaren eta ikusezintasunaren testuinguru horretan, lurralde okupatuetako giza eskubideen defentsa giza eskubideen ekintzaile eta defendatzaile sahararrek egiten dute, eta ondorioz Marokoren errepresio maila handia jasaten dute etengabe. Borroka horretan, emakume sahararrak erresistentziaren lehen lerroan daude, Sultana eta Elouaara Jaya ahizpak, Mina Baali edo Mahfuda Lefkir bezalako kasu enblematikoekin.
2020ko irailean, Marokoko Okupazioaren Aurkako Saharar Instantzia (ISACOM) eratu zen. Erakunde hori giza eskubideen defendatzaileek osatzen dute (horietako asko borroka eta erresistentzia-ibilbide ezaguna dutenak), eta Aminatou Haidar aktibista da presidentea. ISACOM sortu zenean, Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko gatazka armatuari berriro ekitearekin batera, 2020ko azaroan, ekintzaile sahararren aurka egindako errepresioa larriagotu egin zen, bereziki erakunde horretako kideen aurka.
HEGOA Institutuaren laguntzarekin Mendebaldeko Sahara okupatutako biztanleria zibil sahararraren aurka egindako urraketa larriak monitorizatzeko egin duen lanaren zati gisa, ISACOMeko talde bat, Aminatou Haidarren koordinaziopean, txosten espezifiko bat prestatu du giza eskubideen defendatzaileen eskubide zibil eta politikoen urraketari buruz, 2020ko irailetik (ISACOM sorrera) 2022ko abendura bitarteko kasuak dokumentatuz. Aldi horretan sahararren aurkako giza eskubideen urraketa ugari erregistratu badira ere, txostena 58 ekintzaileren (horietako 30 emakumeak) lagin batean oinarritzen da. Biktima izan diren ekintzaile horiek testigantza eman eta txostenean kontuan hartuak izateko baimena eman zuten. Beraz, defendatzaileen eskubide zibil eta politikoen urraketa mota desberdinen berri ematen du txostenak (osotasun fisiko eta psikikoa urratzea, atxiloketa arbitrarioak, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea urratzea, errepresaliak eta zirkulazio askerako eskubidea urratzea), Marokoren okupazioaren eta erabaki askearen defentsaren aurkako aktibismo politikoarekin zuzenean lotuta.
Aurkezpen-jardunaldia gaztelaniaz izango da, arratsaldeko 19:00etan STMn, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Fatimetu Zenan Juventud Activa Saharaui elkarteko kideak moderatuko du ekitaldia, honako egitarauarekin:
- Txostenaren aurkezpena
- Solasaldi laburra Aminetu Haidar eta Mina Baali ekintzaileeren parte-hartzearekin
- Galderen txanda
Egun horietan errefuxiatuen kanpamentuetatik datozen eta kargu politiko eta sozialak dituzten emakume saharar talde bat Euskadin egongo denez, STMko jardunaldi honetan Euskal Herrian bizi diren diasporako emakume sahararren, Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatuta dauden eta Mendebaldeko Saharan Marokoren okupaziopean bizi diren emakumeen arteko topaketa ahalbidetuko da. Errefuxiatu kanpalekuetatik datorren taldeak ahalduntze politikoko programa batean hartuko du parte, Euskal Fondoak, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak elkarlanean antolatutako egitarau batean.