Jarduerak
Lankidetza edota sentsibilizazioa
Hau da SKUk eskaintzen duen jarduera nagusia: Euskal Fondoaren eta nahi duten udalen artean baterako lankidetza proiektuak egitea.
Helburua finantzaketa sendoa bermatzea da, saharar herri errefuxiatuarengan eraginak bikoiztuko dituzten proiektu garrantzitsuak egiteko; bestalde, ahal den neurrian, laguntza zuzenak mugatu nahi dira; izan ere, horiek, asmo onekoak badira ere, lankidetzaren eragina murrizten dute errefuxiatutako biztanleriarengan.
Azken urteotako lan ildoei jarraiki, eta SEADeko Lankidetza arduradunek SKUri egindako eskaerari erantzunez, Garraio Ministeritzari sostengua emateko lan esparru bateratua garatzen ari gara. Honetarako garraio publikorako ibilgailuak bidaltzen ari gara (erregaia, ura, bidaiariak, administrazioa, etab. garraiatzeko), mantenu eta konponketa kudeaketa garatzen eta erregaien biltegiratzea bultzatzen.
2016 ekitaldiko lankidetza bateratua Saharar errefuxiatuen kanpamentuen garraio-azpiegitura bultzatzea proiektuaren bidez gauzatuko da.
Bestalde, eta Tindufeko kanpamendu berberetan, Saharako Emakumeen Nazio Batasuna indartzeko asmoz, Emakumeen Batasun Nazionala eta Emakumearen Etxea indartzea Aaiungo Wilayan proiektua laguntzen da. Egitasmo hau Euskal Herriko Berdintasunerako Udal Zerbitzuak eta Saharar Herriaren aldeko Elkarteekin elkarlanean burutzen da.
SKUk, aldi berean, zubia izan nahi du euskal udalerrien elkartasunaren eta SEADeko Lankidetza Ministerioaren artean. SKUk larrialdi egoeretako laguntza proiektuak eta kanpainak koordinatzen ditu, Lankidetza Ministerioak urtero EUCOCOn aurkeztutako lehentasunen arabera.
Era berean, sentsibilizazio jarduera bateratuak egiten dira; esaterako Hegoa institutuaren "Saharako ahotsak. Ahanzturaren kontrako erresistentzia" erakusketa. Hartu nahi duen erakundearen eskura dago.