Gaurkotasun Euskal fondoa

Urdulizen "Sahara. Lurralde Okupatuak" argazki erakusketa

27 Urr 2026

Urdulizeko Udalak urriaren 22tik 30era bitartean “Sahara. Lurralde Okupatuak” argazki erakusketa hartuko du Kultur Etxean. Erakusketa Euskal Fondoaren ekimena da, eta Luali Lebser argazkilari eta aktibistaren lana biltzen du.

Erakusketak 40 argazki biltzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako testuekin batera. Irudiek saharar herritarren eguneroko bizitza erakusten dute, eta giza eskubideak, egoera soziala eta lurraldearen errealitatea jorratzen dituzte.

Ezagutzeko eta hausnartzeko erakusketa

Luali Lebser Equipe Media kolektiboko kidea da. Bere lanaren bidez, Mendebaldeko Saharako egoera dokumentatzen du eta lurralde okupatuetan bizi diren pertsonen ahotsa jasotzen du.

Erakusketak herritarrei errealitate hori ezagutzeko eta nazioarteko elkartasunaz eta giza eskubideen defentsaz hausnartzeko aukera ematen die.

“Insumisas dokumentala”

Urriaren 29an, gainera, “Insumisas” dokumentala proiektatuko da 18:30ean Kultur Etxean. Fatma Brahim Salem Euskadiko Fronte Polisarioko ordezkariordeak eta Nayua Jatri Aduh aktibista gazteak egingo dute solasaldia, eta Itsaso Andueza Euskal Fondoako Sahara Koordinazio Unitateko arduradunak aurkeztuko du.

Sentsibilizazioa eta lankidetza

Erakusketa eta dokumentala  Euskal Fondoaren ekimena da. Erakundeak sentsibilizazio eta gizarte eraldaketarako hezkuntza ekintzak sustatzen ditu euskal udalerrietan.

Ekimen honen bidez, Urdulizeko Udalak nazioarteko elkartasunarekiko eta giza eskubideen defentsarekiko duen konpromisoa indartzen du, eta herritarrei tokiko eremutik errealitate globala hurbiltzen die.

Share  Partekatu