Gaurkotasun Euskal fondoa
Saharari Kantarik Euskal Herriko eta Saharako hamabost artista baino gehiago elkartuko ditu otsailaren 28an Euskaldunan egingo den kontzertu paregabean
Kontzertua Euskal Fondoak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatu dute, Bilboko Udalaren eta eLankidetzaren laguntzarekin, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurrenean.
Aziza Brahim izango da artista gonbidatua, eta Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Oreka TX eta Suilma Aali izango dira bertan.
Saharari Kantari kontzertu ahaztezina eta errepikaezina egingo dute datorren otsailaren 28an Euskalduna Jauregian. Hamabost artista euskaldun eta saharar baino gehiago elkartuko dira oholtza berean, saharar herriari babesa erakusteko, hain zuzen, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela 50 urte betetzen direnean.
Musika, beraz, justiziaren eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako bi herri eta bi kulturen arteko topaleku bihurtuko da.
Aziza Brahim abeslari sahararra izango da gonbidatu berezi gisa; Oreka Tx, Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrietarekin batera arituko da kontzertuan. Suilma Aalik, jatorri hispano-sahararra duenak, bere aitaren lurrari eskainitako abesti bat kantatuko du lehenengo aldiz. Aali, gainera, ‘Haizea harrien kontra’ abestia kantatuko du Itziar Ituño eta Olaia Inziarterekin batera.
Iker Lauroba, Fariba Sheikhan, Esti Markez eta Postal Kolekzionistak taldeak ere abestiak eskainiko dizkiote Mendebaldeko Saharari. Konpromisoz, elkartasunez eta aldarrikapenez beteriko ekimen honek keinua egingo dio ere herri palestinarrari, Gazako bi artisten emanaldi bereziarekin: Ahmed & Nur. Sorpresaren bat ere izango da Sua Enparantza dantzariaren eta Jon Maia bertsolariaren eskutik.
Kontzerturako musika banda bat sortu da, Antxon Sarasua, Dani Venegas, Joanes Ederra, Mikel Fagoaga eta Xabier Zeberiok osatua.
Ahaztutako gatazka bat
Saharar herriari babesa erakustea eta ahaztutako gatazka honi ikusgarritasuna ematea du helburu Saharari Kantarik, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik mende erdia bete denean. Ez dugu ahaztu behar duela bost urte berriz ere gerra hasi zela, eta ez dugu ahaztu behar herri honek berrogeita hamar urte daramatzala erbestean, basamortuen basamortuan, edo okupaziopean, bere lurraldean bertan.
Saharari Kantari aukera paregabea da, musikaren bidez, 50 urte borrokan eta erresistentzian daraman herriari, babesa emateko, eta, bide batez, herri gisa duen askatasun eskubidea aldarrikatzeko.
Aurkezpenean parte hartu dute Itziar Ituño aktoreak, eta kontzertua antolatzen duten erakundeetako ordezkariak: Iñigo Zubizarreta, Bilboko Udaleko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun saileko zinegotzia; Fatma Mohamed Salem, Saharak Euskadin duen delegatua; Itsaso Andueza, Euskal Fondoaren Saharako Koordinazio Unitatearen (UCS) arduraduna eta Jeanette Lopez, Arabako SEADen Lagunen Elkarteko ordezkaria
Prentsaurrekoan Itziar Ituño protagonista duen spota ere aurkeztu dute; ‘Gu ere hareazko bilakatu gara’. Bideoan kontzertuan parte hartuko duten pertsona guztien aurpegiak agertzen dira, bata bestearen atzetik, modu azkarrean, eta, laster, sare sozialen bidez, bigarren bideo bat zabalduko da, non guztiek kontzertuaren aldeko mezu bat luzatzen duten.
Bi dokumentu grafikoak Pedram Yazdani jatorri irandarreko dokumentalista eta fotokazetariak egin ditu. Kartelaren ilustrazioa Iraia Okina artistak egin du.
Saharari Kantariren jatorria
Ekimen hau nola hasi zen ulertzeko 2013ra jo behar da. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak hiru urtez jarraian “Saharari Kantari – Una canción por el Sáhara” musika lehiaketa bultzatu zuen. Helburua zen musikaren bidez gatazka honen errealitatea euskal gazteei hurbiltzea, euskal artistek saharar herriaren aldeko kanta bat sortzeko konpromisoa har zezaten. Ekimen hartatik kantu errepertorio zabala sortu zen eta hiru diskotan bildu ziren, bat edizio bakoitzeko.
2023an, Euskal Fondoa, Berria, Elkar eta Bakunen eskutik, ekimen haren izena eta izana berreskuratu zuten, hamabi kantuz osatutako disko bakarra sortzeko: Saharari Kantari. Lan horretan, lehiaketako abesti batzuk bildu ziren, eta baita ere horretarako propio sortutako abesti originalak.
Diskoa argitaratu ondoren, kontzertu ahaztezin bat egin zen, 2023ko abenduaren 22an, Donostiako Kursaaleko auditorioan. Magiaz beteriko gau hura Bilboko Euskaldunan errepikatuko da datorren otsailaren 28an.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, 25 eta 30 eurotan, Euskaldunaren webgunean: www.euskalduna.eus.
Euskal poeta batek esan zuen bezala, poesia etorkizunez beteriko arma da, eta espero dugu poesiaz beteriko kontzertu honek ahanzturari eta axolagabekeriari aurre egiten lagunduko duela.


Partekatu