Gaurkotasun Euskal fondoa

Saharari Kantari kontzertuak Euskalduna jauregia bete zuen saharar herriaren alde

05 Mar 2026

Joan den otsailaren 28an, Bilboko Euskalduna Jauregian Saharari Kantari kontzertua izan zen. Hitzordu musikal horretan hamabost artista euskaldun, saharar eta palestinar baino gehiago bildu ziren saharar herriaren alde eta haien eskubideen alde. Kontzertua Euskal Fondoak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatu zuten, Bilboko Udalaren eta eLankidetzaren laguntzarekin.

Kontzertuaren bezperan, otsailaren 27an, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena ospatu zen. Horrek esanahi berezia eman zion ekitaldiari, saharar herriaren erresistentzia eta autodeterminaziorako eskubidearen aldarrikapena gogora ekartzeko.

Euskaldunako auditorioa kultura, emozio eta konpromisoa uztartu zituen gaualdi berezi batean. Kontzertuak zuzeneko musika, dantza eta bertsolaritza uztartu zituen, kultura desberdinen arteko elkarrizketa artistikoa sortuz. Horrela, oholtza topagune eta elkartasun gune bihurtu zen, kulturak sentsibilizaziorako duen indarra berriro agerian utziz.

Parte hartu zuten artisten artean Aziza Brahim, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Suilma Aali, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Iker Lauroba, Esti Markez eta Iñigo Asensio Ianirerekin batera izan ziren. Halaber, Jon Maia bertsolariak ere parte hartu zuen, eta Sua Enparantza eta Izaro Urrestarazu dantzan. Palestinako Ahmed & Nur taldearen emanaldia palestinar herriarekiko elkartasun keinua izan zen.

Ekitaldirako bereziki sortutako bandak, Iker Lauroba, Dani Venegas, Joanes Ederra, Mikel Fagoaga eta Xabier Zeberio musikariek osatu zuten.

Banakako zein taldeko emanaldiek euskara, arabiera eta gaztelania uztartu zituzten, Mendebaldeko Sahararekiko nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko mezu partekatu batean.

Ekitaldian, gainera, Saharar herriaren alde aspalditik lanean ari diren erakunde, pertsona, erakundeetako ordezkari eta hainbat eragile sozialen konpromisoa ere aitortu zen ekitaldian.

Saharari Kantari ekimenak oihartzuna izan zuen hainbat hedabidetan, besteak beste, BERRIAn, NAIZen eta EITBn, baita RASD TV saharar komunikabidean ere. Hedabideetan izandako presentziak irismena zabaltzen eta saharar auzia espazio publikoan kokatzen lagundu du, kultur ekitalditik bertatik harago.

Argazkiak: Euskalduna


Share  Partekatu