Gaurkotasun Euskal fondoa
OPORRAK BAKEAN 2026: 200 haur saharar baino gehiagok uda igaroko dute Euskadin, familien eta udalerrien elkartasunari esker
Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean iritsiko dira Euskadira aurtengo udan Oporrak Bakean programaren edizio berri batean parte hartuko duten haur sahararrak. Beste urte batez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familia, elkarte eta udalerriek beren etxeetako ateak irekiko dituzte uda partekatzeko, zaintza eskaintzeko eta hamarkadetan bizirik iraun duen elkartasun-konpromisoa berritzeko.
Aurtengo edizioak esanahi berezia du, 40 urte bete baitira Oporrak Bakean programaren bidez lehen haur sahararrak Arabara eta Gipuzkoara iritsi zirenetik. “50 urtez gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik” lelopean, programak ehunka familiaren, elkarteren, boluntarioren eta erakunderen konpromisoari esker eraikitako elkartasunaren historia aitortzen du.

Uda honetan 204 adingabek izango dute Euskadin oporrak igarotzeko aukera: 26 Araban, 86 Bizkaian eta 92 Gipuzkoan. Egonaldian zehar, Tindufeko errefuxiatu-kanpalekuetako bizi-baldintza gogorrak aldi baterako atzean utzi ahal izango dituzte, osasun-azterketak egin, elikadura egokia jaso eta harrera-familiekin eguneroko bizitza partekatu ingurune seguru eta osasungarri batean.
Urtero bezala, euskal kooperante eta boluntario talde batek aurrez bidaiatuko du Tindufeko kanpalekuetara haurren irteera prestatzeko eta bidaia osoan zehar haiekin batera etortzeko. Funtsezko lana da, programaren atzean dagoen koordinazio konplexua eta erakunde sahararren zein euskal erakundeen arteko lankidetza estua agerian uzten dituena.
Bizkaian, aurten ere, Hamadako Izarrak eta Rio de Oro elkarteek antolatutako aterpetxeak egongo dira martxan. Bestalde, Darahli elkarteak Azpeitian antolatuko du aurten Larrabetzun egin ohi zuen aterpetxea. Horrez gain, Tolosaldea Sahararekin elkarteak, Lasarte-Oriako Udalarekin eta herriko boluntarioekin elkarlanean, lau adingabe hartuko ditu etxebizitza batean.
Oporrak Bakean uda-garaiko harrera-programa bat baino askoz gehiago da. Euskadik herri saharrarekin duen elkartasunaren adierazpenik esanguratsuenetako bat da, eta errefuxiatuen errealitatea zein Mendebaldeko Sahararentzat irtenbide bidezko eta iraunkor baten beharra ikusarazten laguntzen du.
Konpromiso kolektibo horren baitan, Euskal Fondoak, Sahararen Koordinazio Unitatearen (UCS) bidez, Euskal Herriko tokiko erakundeekin eta elkartasun-elkarteekin batera lan egiten du lankidetza instituzionaleko ekimenak, gaitasunen indartzea eta giza eskubideen defentsa sustatzeko, herri saharrarekiko udal-elkartasuna bizirik mantentzen lagunduz.
Euskal Fondotik eskerrak eman nahi dizkiegu Oporrak Bakean programaren edizio berri hau posible egiten duten harrera-familia, elkarte, udal eta boluntario guztiei.


Partekatu