Gaurkotasun Euskal fondoa
Lankidetza eta Elkartasun Fondoen Konfederazioaren (CONFOCOS) Batzar Orokorrak udalen arteko lankidetzaren sareko lana sendotu du Bilbon
Bilbok CONFOCOS-en Ohiko Batzar Nagusia hartu du Ibaiondo Udal Zentroa (Yohn jauregia-La Bolsa eraikinean), Euskal Fondoa anfitrioi dela eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.
Topaketak Konfederazioa osatzen duten bederatzi lurralde-fondoetako presidenteak eta talde teknikoak bildu ditu, nazioarteko testuinguru konplexu batean, non lankidetzarako finantzaketak beherakada nabarmena izan duen. Testuinguru horretan, berriz ere azpimarratu da lankidetza deszentralizatu, koordinatu eta lurraldean errotutako ereduen garrantzia.
Koordinaziorako eta sare-lanerako gunea
1995ean sortua, CONFOCOS-ek Estatuko mila toki-erakunde baino gehiago biltzen ditu, eta erreferentziazko espazioa da nazioarteko lankidetza deszentralizatu munizipalistan.
Saioa Jordi Cuadras CONFOCOSeko presidenteak ireki zuen, eta ongietorria Nati López de Munain Euskal Fondoko presidenteak eman zuen. Honek sare-lanaren eta elkartasun munizipalistaren balioa nabarmendu zuen, lurraldeen arteko elkartasuna indartzeko tresna gisa.
Batzarrean, besteak beste, 2025eko balantze ekonomikoa onartu zen, 2026ko lan-plana aurkeztu zen, eta fondoen arteko koordinazio espazioak indartzeko beharra azpimarratu zen.
Halaber, AECID-eko Garapenerako Aliantzak, Berrikuntza eta Hezkuntzako zuzendari Ángel Calle-k parte hartu zuen.
Lankidetza munizipalistaren eredua indartzen
Jardunaldiak lankidetza-fondo berrien sorreran izandako aurrerapenak partekatzeko aukera eman zuen, eta horrek eredu munizipalistak hainbat lurraldetan duen hazkundea agerian uzten du.
Testuinguru horretan, tokiko erakundeen papera azpimarratu zen, erronka globalen aurrean erantzun kolektiboak emateko eta gizarte justuago, jasangarriago eta berdinzaleagoak eraikitzeko.
30 urteko ibilbidearen aitortza
Batzarra CONFOCOSen 30. urteurreneko ekitaldi batekin amaitu zen. Bertan, azken hiru hamarkadetan lankidetza deszentralizatu municipalista sustatzeko egindako lana eta konpromisoa aitortu zitzaien fondo ezberdinei.

Harrera instituzionala Bilboko Udalean
Batzarraren ondoren, ordezkaritzak Bilboko Udalera joan ziren, eta bertan harrera egin zieten Amaia Arregi alkateordeak eta Íñigo Zubizarreta zinegotziak.

Ekitaldian, tokiko erakundeen konpromisoa azpimarratu zen, erronka globalen aurrean erantzuteko eta mundu justuago, solidarioago eta jasangarriago baten alde egiteko.
Euskal Fondotik, lankidetza eraldatzailearekiko konpromisoa berresten da, aliantzetan, elkarlanean eta herritar guztientzat eskubide eta aukera berak dituen mundua eraikitzeko bidean.
Topaketaren argazkiak:


Partekatu