Gaurkotasun Euskal fondoa

Jardunaldia: Tokiko garapen ekonomikoa eta nazioarteko lankidetza. Emakumeek zuzendutako ekimenak

16 Aza 2022

Datorren azaroaren 29an Tokiko Elkartasunari buruzko Europako beste jardunaldi bat izango da Muxikebarrin, aurrez aurre, oraingoan "tokiko garapen ekonomikoa eta nazioarteko lankidetza. Emakumeek zuzendutako ekimenak" izango direlarik aztergai.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia - eLankidetzak, Euskal Fondoak eta Getxoko Udalak antolatuta, Platformarekin (Hezkuntza globalerako eta nazioarteko lankidetzarako Europako hiri eta eskualdeen Sarea) elkarlanean, European Days of Local Solidarity-ren zazpigarren edizioa 09:45ean hasiko da.

Oraingo honetan, tokiko ekimenen ezagutzan jarri nahi dugu arreta, bai gure inguruko ekimenei, bai garapenerako lankidetza deszentralizatua oinarri hartuta babesten ditugun tokikoei dagokienez, honako gai hauei lotutakoak: hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria, enplegu osoa eta produktiboa, eta guztiontzako lan egokia sustatzea (8. GJH) eta genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskatila guztiak ahalduntzea (5. GJH).

Horregatik guztiagatik, Muxikebarri Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu zentrora etortzera animatu nahi zaituztegu, eztabaida hau gurekin partekatu dezazuen.

 

Egitaraua

Jardunaldiaren programa xehatua HEMEN kontsulta dezakezue. Parte hartu nahi dutenek dokumentu horren azken orriko fitxa bete behar dute.

 

Egunaren jatorria

Nazio Batuen 2030 Agendak 2015erako ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuek (GJH) zuzenean egiten diete interpelazioa tokiko gobernuei, herritar arduratsuak aktibatzeko politikak eta sentsibilizazio-ekintzak abian jartzeko eskatuz. Mandatu hori jasota, Platformak Tokiko Elkartasunaren Europako Egunak jarri zituen martxan 2016. urtean. Ekintza bateratua izan zen Europa osoan, elkartasun globalarekin eta garapen iraunkorrarekin urtean bi astez hartutako konpromisoari balioa emateko.

Europako ekimen hori (H)ABIAN 2030aren testuinguruan txertatzen da, horixe baita gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategia (GEHE). Eta estrategia horrek herri erakundeei dei egiten die GEHErekin bat datozen ekintzak sustatzera, betiere erantzukizuna Garapen Iraunkorreko 2030 Agendaren helburu eta jomugekin konprometitutako euskal agenteekin partekatuz.

Share  Partekatu