Gaurkotasun Euskal fondoa

(H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako Euskal Estrategiak topaketa teknikoa egin du Gasteizen, ebaluazioan eta komunikazioan aurrera egiteko

23 Eka 2026

(H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako Euskal Estrategiari atxikitako erakundeetako ordezkariek, horien artean Euskal Fondokoek, joan den ekainaren 4an topaketa tekniko batean parte hartu zuten eLankidetzaren egoitzan, Gasteizen.

Jardunaldiaren helburua izan zen estrategiaren garapenean egindako aurrerapenak partekatzea eta elkarlanean lanean jarraitzea. (H)ABIAN 2030 Euskadin gizarte eraldaketarako hezkuntza bideratzen duen erreferentzia-esparrua da, erakunde publikoen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza sustatzen duena, giza eskubideekin, genero-berdintasunarekin, jasangarritasunarekin eta justizia globalarekin konprometitutako herritar kritikoak bultzatzeko.

Topaketako gai nagusietakoa estrategiaren tarteko ebaluazioa izan zen. Horren baitan, helburuen betetze-maila aztertzeko, ikaskuntzak identifikatzeko eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko ekarpenak jasotzeko balioko duen adierazleen metodologia-proposamena aurkeztu zen.

Jardunaldian, halaber, (H)ABIAN 2030eko komunikazio-estrategia landu zen. Saio horretan, estrategiarekiko kontakizun partekatua eraikitzeko eta haren ikusgarritasuna indartzeko proposamenak aurkeztu ziren. Era berean, erakundeen arteko komunikazio-koordinazioa hobetzeko eta gizarte eraldaketarako hezkuntzaren esparruan garatzen diren prozesu eta ekintzak herritarrengana hurbiltzeko bideak aztertu ziren.

Topaketa tekniko hau estrategiak aurreikusten dituen koordinazio- eta elkarlan-guneen parte da, eta bultzatzen duten eragileen arteko aliantzak sendotzen laguntzen du, gizarte kritikoagoa, parte-hartzaileagoa eta mundu mailako erronkekin konprometituagoa eraikitzen jarraitzeko.

Share  Partekatu