Gaurkotasun Euskal fondoa
Euskal Fondoak Zarautzen egin du Batzar Nagusia, urteko lan plana onartzeko
Euskal Fondoak Zarautzen egin du bere Ohiko Batzar Nagusia. Jardunaldiari hasiera emateko, udaleko alkate Xabier Txurruka Fernándezek ongietorri instituzionala egin du. Alkateak Zarautzek lankidetzaren arloan izan duen ibilbidea nabarmendu du, eta udalerriak Euskal Fondoarekin duen lotura estua azpimarratu du.
Hasierako hitzaldien ondoren, Euskal Fondoaren lehendakari Nati López de Muniainek eta erakundeko zuzendariak Juan Balerdik, azken urteko lanaren balantzea aurkeztu dute, lortutako aurrerapenak partekatu dira eta hurrengo ekitaldirako lehentasunak zehaztu dira. Mahai berean parte hartu dute, halaber, Patxi Elolak eta Zarauzko Udaleko Lankidetza zinegotzi Jesús Aranak.
2026an, 18 proiektu bultzatuko dira euskal erakunde publikoekin eta lankidetzan aritzen garen lurraldeetako kontraparteekin batera. Proiektu horiek, besteak beste, ura eta saneamendua, gizarte zerbitzuak, emakumeen ahalduntzea, jada sendotutako ildo bat, eta giza eskubideen defentsa izango dituzte ardatz, azken hori erakundearen jardun osoaren zeharkako ardatza izanik.
Batzarrak 2.995.986,50 euroko aurrekontua onartu du, 2026an Erdialdeko Amerikan, Kariben eta Mendebaldeko Saharan garatuko diren proiektuak kofinantzatzeko.

Sentsibilizazioa eta ekimen berriak
Batzarraren baitan, sentsibilizazioari lotutako hainbat ekimen ere aurkeztu dira. Horien artean, “Corredora” dokumentalaren aurrerapena aurkeztu da; genero arauak kirolaren bidez zalantzan jartzen dituen emakume indigena gazte baten istorioa kontatzen du, korrika egitea erresistentzia eta askatasun ekintza bihurtuz. Lan hau urritik aurrera Euskadiko hainbat udalerritan abiatuko den kanpaina baten parte izango da.
Halaber, sentsibilizazio eta komunikazio arloko ekimen berriak aurkeztu dira, ikus-entzunezko proposamen eta formatu berritzaileen bidez, lankidetza herritarrengana eta bazkide diren erakundeengana hurbiltzeko eta gizartearekiko konpromisoa indartzeko.
Euskal Fondoak lankidetza eredu solidario, horizontal eta eraldatzaile baten alde lanean jarraitzen du, udalerrien konpromisoan oinarrituta, justizia soziala, berdintasuna eta jasangarritasuna sustatzeko, eta tokikotik abiatuta eragin globala duen lankidetza indartuz.


Partekatu