Gaurkotasun Euskal fondoa

Euskal Fondoak edateko uraren eskubidea sustatzen du San Pedro Carchán (Guatemala)

11 Ots 2026

Euskal Fondoak babestutako proiektu baten baitan, Campur komunitateak, San Pedro Carchá udalerrian (Guatemala), edateko uraren sarbidea hobetu du.

Proiektu honi esker, komunitateko familientzat kantitate eta kalitate egokiko ura bermatzen duen ur-sistema jarri da martxan.

Proiektua San Pedro Carcháko Udalarekin batera garatu da.
Prozesuan zehar, lan-bilerak egin dira Udal Kontseiluarekin, talde teknikoarekin eta COCODEekin (Garapenerako Kontseilu Komunitarioak), eta horren bidez parte-hartze instituzionala eta komunitarioa indartu da.

Horren ondorioz, 398 familiak dagoeneko edateko ura etxeetan dute.
Kopuru hori hasieran aurreikusitakoa baino 77 familia gehiago dira, proiektuaren irismena eta komunitatean izango duen eragina handituz.

Azpiegitura hobetzeaz gain, gizarte eta sentsibilizazio lana ere barne hartu ditu. “Fundación Iniciativa Civil para la Democracia (INCIDE) erakundearen laguntzarekin, emakumeen parte-hartzea sustatzeko ekintza zehatzak garatu dira komunitatean.

Lan horrek familiei zuzendutako prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak barne hartu ditu, ura arduraz erabiltzeko eta sistemaren zaintzan erantzukizun partekatua sustatzeko.

Horrek guztiak ur-sistemaren iraunkortasuna indartzen laguntzen du.
Proiektuak familien bizi-baldintzak zuzenean hobetzen ditu, eta komunitatearen zein tokiko erakundeen inplikazioa sendotzen du.
Horrela, udalerrian edateko uraren sarbide bidezkoago eta iraunkorrago baterantz aurrera egin da.

Proiektuaren informazioa

Share  Partekatu