Gaurkotasun Euskal fondoa

Euskal Fondoak 2026ko azaroan Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidai instituzionala antolatu du

23 Uzt 2026

Izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik Euskal Herriko toki-erakundeetako ordezkari instituzionalentzat.

Euskal Fondoa, Euskadiko Ordezkaritza Saharrarekin elkarlanean, 2026ko azaroaren 13tik 18ra (behin-behineko datak) Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, Tindufen (Aljeria), egingo den bidai instituzionala antolatzen ari da. 

Euskal Herriko toki-erakundeetako ordezkari instituzionalei zuzendutako ekimen honen helburua herri saharrarekiko erakunde-konpromisoa indartzea eta saharar errefuxiatuen errealitatea bertatik bertara ezagutzea da.

Bidaiak aukera emango du kanpalekuak bisitatzeko, Saharako erakunde nagusiekin biltzeko eta euskal erakunde publikoek finantzatutako lankidetza-proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Era berean, esperientziak partekatzea eta erakundeen arteko harremanak sendotzea sustatuko du, Saharako eta Euskal Herriko udalerrien arteko senidetze berriak bultzatuz eta dagoeneko martxan daudenak indartuz.

Egonaldia saharar familia errefuxiatuekin egingo da, talde txikitan, eta parte hartzen duten erakundeen aurretiazko harremanen arabera, programaren zati bat egokitzeko aukera ere egongo da.

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da erakundearen ordezkaria izatea eta 2026ko azaroaren 14tik aurrera gutxienez sei hilabeteko balioa izango duen indarreko pasaportea edukitzea, Aljerian sartzeko baldintzek ezartzen duten bezala.

Interesa duten erakundeek bidaiaren aurrerapen-dosierra (PDF) kontsultatu dezakete. Bertan, bidaiaren helburuei, programari eta ezaugarri nagusiei buruzko lehen informazioa jasotzen da. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskal Fondoarekin harremanetan jar daitezke ucs-sku@euskalfondoa.eus  helbidean edo 943 42 85 08 telefono zenbakira deituta.

Share  Partekatu