Gaurkotasun Euskal fondoa
EUCOCO 2025ek Europako ordezkaritza bildu du Parisen, Mendebaldeko Sahararekin elkartasuna sendotzeko
Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasunerako Europako Konferentziak (EUCOCO) beste edizio bat ospatu du Parisen, azaroaren 28 eta 29an, eta bertan bildu dira Europako hainbat herrialdetako ordezkari instituzionalak, parlamentariak, akademikoak, kazetariak eta gizarte-erakundeak.
Bilera Frantziako Senatuan egindako saio batekin hasi zen. Bertan, diputatu, senatari eta ordezkaritza parlamentarioek bide berriak eztabaidatu zituzten Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioan Europaren erantzukizun historiko eta politikoa indartuko duten ekintza legegile eta diplomatikoak bultzatzeko.
Azaroaren 29an, hainbat adituk eta gizarte zibileko eragilek Marokoko okupazioaren aurrean herri sahararraren borroka legitimoaren babesa hobetzeko mekanismoak aztertu zituzten, bai eta autodeterminazio-eskubidea gauzatzeko estrategiak eta 2026rako ekintza-plan bateratu berri bat ere.
EUCOCOren agendan lurralde okupatuetako giza eskubideen urraketak eta Saharako baliabide naturalen etengabeko arpilatzea ere jorratu ziren. Beste gai nagusietako bat, kazetariei eta nazioarteko behatzaileei urraketa horiek bertan dokumentatzea eragozten dien blokeo mediatikoa izan zen.
Gaur egun, Euskal Fondoak EUCOCOCOren giza eskubideen talde eragilea koordinatzen du, informazioa zentralizatuz eta ekintza bateratuak dinamizatuz, nazioarteko eragina indartzeko helburuarekin. Lan honek euskal erakundeen konpromisoa agerian jarri nahi du, eta Euskal Fondoak eta HEGOAk aspalditik egiten duten ikerketa eta dokumentazio lanari jarraipena eman nahi dio.
Biltzarrak, beste urte batez, nazioarteko elkartasun-sarea indartzearen garrantzia nabarmendu zuen, baita parlamentu-eremuetan eta hirien arteko senidetze-akordioen bidez ere.


Partekatu