Gaurkotasun Euskal fondoa

El Salvadorreko Suhiltzaileen prestakuntza espezializatu eta laguntza programaren laugarren edizioa abian da

07 Mai 2026

Edizio berri honek lan-ildo berri bat jasotzen du, El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoaren (CBES) etorkizuneko prestakuntza-zentro espezializatuaren garapenerako laguntza instituzional eta gerentzialean oinarritua.

Euskal Fondoak sustatutako proiektuak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (AECID) kofinantzaketa du, Lankidetza eta Elkartasunaren Fondoen Konfederazioaren (CONFOCOS) eta AECIDen arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez, nazioarteko lankidetza arloko jarduera bateratuak garatzeko.

Programa SUESKOLA Fundazioaren lankidetza teknikoan oinarritzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako fundazioa da, eta suteak benetako suarekin itzaltzeko prestakuntza-zentro aitzindaria da, azken belaunaldiko azpiegiturekin eta teknologia berritzailearekin.

SUESKOLA Fundazioko zuzendari IƱigo Aldasoro El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoan lan-bisita egiten dago, CBESek sustatutako prestakuntza-zentro berriaren garapenean eta etorkizuneko kudeaketan aholkularitza emateko.

Bisita proiektuaren edizio honetan aurreikusitako laguntza gerentzialeko jardueraren barruan kokatzen da, eta SUESKOLAk azpiegituren plangintzan, antolaketa akademikoan, prestakuntza espezializatuko prozesuetan, ebaluazio eta ziurtapen sistemetan edota horrelako zentroen jasangarritasun instituzionalean duen esperientzia partekatzeko balioko du.

Euskal Fondoaren, SUESKOLA Fundazioaren eta El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoaren arteko lankidetza 2023an hasi zen, eta ordutik hainbat prestakuntza espezializatu garatu dira, El Salvadorreko suhiltzaileen gaitasun teknikoak indartzeko helburuarekin.

Aurreko edizioetan, baso-suteak, ibilgailu-erreskatea, material arriskutsuen kudeaketa, arrisku kimikoa, barrualdeko suteak edo aireztapena bezalako gaietan prestakuntzak egin dira, Euskadin eta El Salvadorren garatutako prestakuntza-prozesuak uztartuz, prestatzaileen prestakuntzan oinarritutako metodologiaren bidez.

Edizio berri honek, gainera, CBESen kudeaketa-gaitasunak indartzera bideratutako erakunde-trukea ere jasotzen du. Maiatzaren amaieran, El Salvadorreko suhiltzaileen gerentziako profesional batek Euskadira bidaiatuko du Ordiziako (Gipuzkoa) Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Prestakuntza Zentroaren eta Ispasterreko (Bizkaia) maniobra-eremuaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko. Bi azpiegiturak SUESKOLA Fundazioak kudeatzen ditu.

Edizio berri honekin, Euskal Fondoak berretsi egiten du truke teknikoan, erakundeen indartzean eta erakunde publikoen arteko lankidetzan oinarritutako nazioarteko lankidetzarekiko duen konpromisoa, El Salvadorren larrialdiei erantzuteko eta arreta emateko zerbitzuak hobetzen laguntzen duten prozesuak babestuz.
 

Share  Partekatu