Gaurkotasun Euskal fondoa
Desertia Fest berriz ere egingo da herritarrak Saharako kulturara hurbiltzeko, Euskal Fondoaren laguntzarekin
Desertia Elkarteak antolatutako jaialdiak irailaren 5ean ospatuko du bere bigarren edizioa, eta musika, artea, gastronomia, tailerrak eta topaguneak uztartuko dituen egitaraua eskainiko du, Saharako kulturaren aberastasuna ezagutarazteko.
Euskal Fondoak Desertia Fest 2026 jaialdiaren aurkezpen-prentsaurrekoan parte hartu du. Desertia Elkarteak sustatutako ekimena da, talentua, artea eta saharar ekintzailetza bultzatzeko lanean diharduen gazte sahararren elkarte soziokulturala. Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, jaialdia berriz ere egingo da, herritarrak Saharako kulturara hurbiltzen jarraitzeko eta topaketa, parte-hartze eta bizikidetzarako guneak sortzeko helburuarekin.
Desertia Fest-en bigarren edizioa datorren irailaren 5ean izango da, Gasteizko Mendizabalako azokagunean. Egun osoan zehar, askotariko kultur egitaraua eskainiko du: kontzertuak, tailerrak, gastronomia, haurrentzako jarduerak, elkarrizketa guneak eta arte garaikideko proposamenak, Saharako kulturaren aberastasuna eta aniztasuna ezagutarazteko.
Aurkezpenean, Euskal Fondoak, Sahararen Koordinazio Unitateko (SKU) arduradun Itsaso Anduezaren bidez, azaldu du Desertia Fest-i emandako babesa erakundeak hamarkadetan zehar herri saharrarekin eta haren giza eskubideen defentsarekin izan duen konpromisoaren isla dela. Konpromiso hori euskal udal-lankidetzaren bidez gauzatzen da, Saharako erakundeei bidean lagunduz eta haien identitatea, kultura eta eskubideak babesten dituzten ekimenak sustatuz.

Ildo horretan, Anduezak nabarmendu du Desertia Fest babestea herri saharra kulturaren bidez laguntzen jarraitzeko modu bat dela, haren errealitatea hobeto ezagutzeko eta gure gizarteen arteko elkartasuna indartzeko topaguneak sortuz. Era berean, herritar guztiak gonbidatu ditu bigarren edizio honetan parte hartzera eta kultura konpromisoa, bizikidetza eta elkartasuna eraikitzeko tresna ere badela erakusten duen ekimen honekin bat egitera.
Jaialdia Desertia Elkarteak antolatu du, eta Euskal Fondoaren babesaz gain, Fundación Vital eta WikiEmakumeok erakundeen finantzaketa du, baita Gasteizko Udalaren eta Emaizeren lankidetza ere.
Euskal Fondoak herritarrak Desertia Fest 2026 jaialdiaz gozatzera gonbidatu ditu. Saharako kultura ospatzeaz gain, euskal toki-erakundeek hamarkadetan lankidetzan jardun duten herri batekin elkartasun-loturak sendotzen eta konpromisoa bizirik mantentzen laguntzen duen ekimena da.


Partekatu