Gaurkotasun Euskal fondoa

Aieteko Jauregian Gaztenpatia programaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo da

02 Urr 2026

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Euskal Fondoak, erakunde bazkideek eta programan parte hartu duten pertsonek Gaztenpatiaren bidezko lankidetza, ikaskuntza eta trukearen hamar urteak ospatuko dituzte

Datorren urriaren 7an, Aieteko Jauregia izango da Gaztenpatiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiaren eszenatokia. Jardunaldian EHUko eta Euskal Fondoako ordezkariek, programan parte hartu duten erakundeek eta edizio desberdinetako pertsonek parte hartuko dute.

Ekitaldian Gaztenpatia Manifestuaren irakurketa egingo dute Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Nati López de Munain Alzola Euskal Fondoaren presidenteak. Halaber, Arantxa López Simón Donostiako Udaleko Kultura Aniztasun eta Inklusiorako zinegotzi ordezkariak parte hartuko du, eta berak emango dio hasiera jardunaldiari.

Hamar urteko esperientzia partekatuak

Topaketan, Gaztenpatiako hainbat erakunde bazkidek beren esperientziak partekatuko dituzte, eta programak hamar urte hauetan beren erakundeentzat izan duen ekarpenari buruz hausnartuko dute. Guatemalan, El Salvadorren eta Kolonbian Gaztenpatiaren esperientziekin lotutako pertsonek eta erakundeek ere parte hartuko dute.

Halaber, programan parte hartu duten ikasleen ahotsak ere izango dira protagonista. Haiek Gaztenpatiako parte-hartzean zehar izandako bizipenak eta ikaskuntzak partekatuko dituzte.

Euskal Fondoaren aldetik, gure erakunde bazkideak gonbidatu nahi ditugu ospakizun honetan gurekin bat egitera eta Gaztenpatiaren ibilbidea hamar urte hauetan eraiki duten pertsonekin eta erakundeekin batera une hau ospatzera.

Ekitaldia urriaren 7an izango da, 09:30etik 11:30era, Donostiako Aieteko Jauregian.

Programa

Share  Partekatu