Gaurkotasun sahara

Saharar Herriaren Batasun Nazionalaren Eguna urriaren 11an ozpatuko da Donostian

14 Ira 2018

Badira 43 urte Saharar Herria errefuxiatu kanpamentuetan, erbestean edo Marokoren okupaziopean bizitzera behartuta dagoela, baita 43 urte Saharar Herriak bat egin zuela haien autodeterminazioa aldarrikatzeko ere.

Datorren ostegunean, urriak 11, Saharar Batasun Nazionalaren Eguna ospatuko da Donostian, Tabakaleran. Izan ere, badira 43 urte Marokok eta Mauritaniak, Estatu espainiarraren oniritziarekin, Mendebaldeko Sahara okupatu eta bertako biztanleak kanporatu eta jazartzen hasi zirela. Testuinguru horretan, 1975eko urriaren 12an Herri Sahararrak Fronte Polisarioaren oinarriekin bate gin zuen, Saharar Batasun Nazionalaren Eguna izendatuz, eta haien lurraldea bereskuratzeko indarrak batuz.

Gaur egun, Marokoren okupazioak bere horretan dirau, eta Herri Sahararra behartuta dago bere giza eskubideak zapaltzen dituen herrialde baten okupaziopean bizitzera,  munduko deserturik lehorrenaren erdian dauden Tindufeko saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizirautera, edota haien lurraldetik urrun emigratzera.

43 urteko erresistentzia irmoa ospatzeko, Euskadin bizi diren Sahararrak eta Saharar Herria babesten duten elkarteek ekintza anitz antolatu dituzte. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Tabakalerako Kutxa Kultur solairuan Javier Reverte eta Andoni Jaen-en “Sashari gutuna” (12’) dokumentala proiektatuko da. Jarraian, Gaici Nah sahararrak idatzitako “Mendebaldeko Saharako harresi marokoarra” liburuaren aurkezpenarekin batera Mendebaldeko Saharako egoera ezagutzeko aukera egongo da, Juan Soreta eta Abdulah Arabi, Fronte Polisarioaren Euskadirako Ordezkariaren eskutik. Horretaz gain, eguraldia lagun, Tabakaleraren sarrerako plazan haimma bat eraikiko da eta, bertan, henna tailerra eta Saharako kulturaren parte diren tea eta datilak dastatzeko aukera egongo da. Eta, amaitzeko, Hayunen kontzertuaz gozatu ahal izango dugu da 19:00etan, Saharako musika tradizionala ezagutzeko aukera paregabea.

Saharar Herriaren ospakizunekin bat egitera gonbidatuta daude Donostia, Gipuzkoa eta Euskadiko biztanle guztiak.

Share  Partekatu